Abenduaren 1etik 8ra funtzio publikoko hauteskundeetan, LAB bozka dezagun!

2022-11-22  

Abenduaren lehena eta 8ª artean, lau urtero bezala, funtzio publikoko hiru adarretan aldi berean, langile ordezkari berriak hautatuko ditugu.

irudia

Izan dadin herriko etxeetan, erakunde publikoetan, osasungintzan edo aurten lehen aldikotz irakaskuntzan, sektore publikoko langileok Ipar Euskal Herrian bertan edo Ipar Euskal Herritik antolatzen gara, elkarrizketa eta negoziaziorako batzorde ezberdinetan jarlekuen irabazteko. Hain zuzen ere, 14 batzorde ezberdin xedetzat hartzen ditugu, Ipar Euskal Herrian bistan da, baina baita hemendik kanpo ere, hots Pauen eta Bordalen. Elkarrizketa sozialerako instantzia hauetan langile gai kolektibo guztiak trenkatzen dira: zerbitzuen antolaketa eta ibilmoldea, giza baliabideen kudeaketa, prestakuntza, gizarte ekintza, higienea, osasuna, segurtasuna, lan baldintzak, etab.

Orotara 135 langile gara, 135 LAB hautagai lankideen boza eta aldarrikapen kolektiboen sustatzeko engaiamendua hartzen duguna. Gure arteko batzuk jadanik aurkeztu izan gara aitzineko hausteskundeetan; baina gehiengoarentzat desafioa berria da. Denok taldeko lan eraikitzailearen apustua egiten dugu.

Gure sindikatuaren oinarrizko baloreak zabaltzen ditugu, hots feminismoa, euskararen sustapena, internazionalismoa eta ekologia. Arlo, estatutu eta lanbide guztietako langileak ordezkatuko ditugu. Adierazpen kolektiboaren eta langileen interes orokorraren aldeko proposamenen bozeramaileak izanen gara, zerbitzu-betebeharrak eta zerbitzuaren kalitatea bermatuz. Ez dugu inposatuko baina proposamen-indarra izanen gara, jarrera begirunetsuan, hobekitzailean, ez dogmatikoan.

- Lurraldeko funtzio publikoa

50 agente baino gehiagoko kolektibitate eta erakunde publikoek beren ordezkaritza propioak dituzte. Erran nahi baitu langileek egunerokoan zuzenki eragiten ahal dutela lan-baldintzen hobekuntzan. Ipar Euskal Herrian, hogei bat kolektibitateri baino ez dagokie hori. Hauen artean, LAB hautagaiak aukeztera goaz lau herriko etxetan (Hazparne, Hendaia, Kanbo, Urruña), Euskal Hirigune Elkargoan eta Ravel kontserbatorioan.

50 agente baino gutiagoko kolektibitate eta erakundeentzat, negoziazio gune hori bateratua da Pirinio Atlantikoetako Kudeaketa Zentroan, Pauen. Ipar Euskal Herritik urrun beraz, langileen errealitate sozial eta profesionaletatik urrun. Gutienez hemengo 144 herriko etxeetako langileen errealitatea da gaur egun.

Bestalde han kudeatzen dira ere lurraldeko funtzionario kasik guztien norbanako ibilbide profesionalak, kolektibitate handi eta ttikientzat. Beraz anartean, eta gure hautetsiek Euskal Herriko Kudeaketa Zentroaren sortzeko erabakia hartu arte, LAB Pauen aurkezten da Sud-Solidaires sindikatuarekin partaidetzan, gure lurraldearearentzat lan egiten duen oro babestua izan dadin.

- Ospitaleko funtzio publikoa

LABek Donibane Lohitzunek Maulera doan egiazko osasun-sare publikoa sortzeko premia dela dio. Ipar Euskal Herriko agente guztion aldeko indar harreman bati ekiteko, gure lan baldintzak eta ordain-sari erregimena goratzeko Lurraldeko Ospitale Taldearen baitan. Orokorkiago, osasuna, zaintza eta jendarte lotura egunero bermatzen dugun emazte eta gizonontzat, Euskal Herritarren funtsezko beharrei erantzuten dugunontzat, lurraldeko zaintza sistema publikoaren sorrera aldarrikatzen dugu. Beti ere, kalitatezko osasun zerbitzu publiko egoki baterako sarbidea denei bermatzeko grinarekin.

Abenduan, Baionako Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroko eta EPS Garaziko LAB delegatuok berriz ere gure buruak aurkeztuko ditugu hauteskundeetan. Osasungintzako langileen eskubideen aldeko borroka jarraituko dugu, sineste sendoz.

- Irakaskuntza

Adar honetan, antolaketa oso zentralizatuari aurre egin behar diogu, hezkuntza nazionaleko langileok Estatu frantsesari zuzenean lotuta bait gara. Ordezkaritza batzordeak Ipar Euskal Herritik kanpo dira, Pauen edo Bordalen eta handik gure karrerei buruzko erabaki garrantzitsuak hartuak dira (postu izendatzeak, sailkapenak, mugimenduak, aitzinamenduak, notatze helegiteak, zigorrak, etab.). Izan ere, Seaskako ikastetxeetako irakasleek frantsesezko zientzia-azterketen kopien zuzenketari uko egiten dutenean, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, ezarritako zigorrak CCMAn erabakitzen dira. Beraz, bistan da instantzia horietako kide izateak benetako eragina izan dezakeela gure lankideengan.

Nahiz eta gaur egun Ipar Euskal Herrian bertan erabakitzeko aukerarik ez dagoen gure adarreko langileontzat, onuragarria iduritzen zaigu hauteskundeei esker LABen engaiamenduak lurraldetik at zabaltzea, eta balore amankomunak gurekin partekatzen dituzten langileei LABen alde bozkatzeko aukera eskaintzea.

Aurten beraz lehen aldikotz, lehen eta bigarren mailako itunpeko ikastetxeetako irakasle andana bat gara hauteskundeetan LABen izenean aurkezteko hautua egin duguna.

 

Azken bi urteak zailak izan dira langileriarentzat, jendartearentzat eta jakina zaurgarrienentzat. Argi eta garbi nabarmendu dute zerbitzu publikoen funtsezko eginkizuna. Eta ondoko hilabeteetan ez da ezer onik iragartzen.

 

Ihardetsi dezagun!  Ahal den tokietan antola gaitezen, gure lantokietatik hasiz!

 

 

Kalitatezko zerbitzuen publikoen alde !

Bozka dezagun! LAB bozka dezagun!

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

Vivre et se loger au Pays ! Espekulazioari ez!

Lan harremanak eta negoziazio kolektiboaren esparrua Ipar Euskal Herrian